Páginas

2016/01/09

Argien Garaia edo Ilustrazioa

 
Argien Garaia edo Ilustrazioa XVII. eta XVIII. mendeen artean garatu zen garai filosofiko eta zientifiko aberatsa izan zen.
 
Europan gertatu zen, Frantzia, Alemania, Espainia eta Erresuma Batuan bereziki. Euskal Herrian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea da garai hartako emaitzarik nabarmenena.
 
Ilustrazioak munduko misterio guztiak argitu nahi zituen arrazoiaren argiaren bidez, bai eta superstizioa eta ezjakintasuna deuseztu ere. Lau izan ziren mugimendu intelektual horren ezaugarriak:
  • Gizartea arrazoimena aplikatuz azter zitekeen. Gobernu-sistemek zentzuzkoena eta egokiena hartu behar zuten kontuan, eta ez tradizio hutsari besterik gabe eutsi. Arrazoimena aplikatzeak gizadiaren aurrerapen etengabea eragingo zuen.
  • Gizakia zen pentsalari ilustratuen teorien ardatz nagusia. Pertsonek eskubide naturalak dituztela defendatzen zuten. Botereak ezin zituen eskubide horiek deuseztu.
  • Aurkikuntza zientifikoak gauzatzea eta filosofoen ekarpenak gizartean eta politikan ezartzea.
  • Hezkuntza bultzatzea arrazoia hedatzeko bide moduan.
 
Ideologia berria zentro ofizialak -esate baterako unibertsitateak eta akademiak- alde batera utzita hedatu zen, haiek Elizaren kontrolpean zeudelako neurri handi batean. Ilustrazioak erabilitako zabalkunde bideak aretoak, masoneria, prentsa eta argitalpen mota oro izan ziren.
 
Azkoitiko Zalduntxoak
 
 Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten hiru jaun ilustratu azkoitiarrak dira: Frantzisko Xabier Munibe, Peñafloridako Kondea; Manuel Ignacio Altuna eta Joaquín María Egia, Narrosko Markesa. Frantziako entziklopedisten ideiak hartu eta ideia horien eraginez (Altuna, adibidez, J. J. Rousseauren laguna zen), Azkoitiko jauntxo horiek Muniberen etxeko tertuliara biltzen ziren, kultura eta zientziaren aurreramenduaz eta zabalkundeaz kezkaturik. Tertulia horien fruitu izan zen 1764. urtean sortu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea.
 
 
Insausti jauregia, Elkartearen egoitza.
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada